Udalak 2,4 milioi euroko laguntza lortu du Europako funtsetatik, proiektu estrategikoei bultzada emateko

Pasa den ostiralean jaso zuen Errenteriako Udalak albiste garrantzitsua. Otsailean aurkeztu zuten hautagaitza Oarsoaldeko lau Udalek Tokiko Garapen Integratuko Estrategiak finantzatzeko FEDER funtsetara eta pasa den astean jaso zuten aldeko ebazpena. Gipuzkoan funts hauen finantziazioa eskuratu duten udal bakarrak dira Oarsoaldeako lau udalak deialdi honetan.

Guztira 6,8 milioi euroko inbertsio plana aurkeztu zuen Errenteriako Udalak 2025 eta 2029 urteen artean garatzeko. Behin dirulaguntza onartuta inbertsio planaren %35 baino gehiago finantzatuko dute, 2,4 milioi euro jasoko dituelarik Udalak FEDER funtsetatik. Bultzada ekonomiko honen garrantzia azpimarratu dute Udal Gobernuko ordezkariek gaur goizean Galtzarabordako Urdaburu parkean eginiko agerraldian, “batetik udalaren kudeaketarako gaitasuna erakusten duelako eta bestetik agintaldi planean jasotako helburuak lortzeko lagungarria izango delako”.

Udalak aurkeztutako inbertsio planak, lau helburu jasotzen zituen, Arditurriko bide berdea hobetzen jarraitzea, tokiko merkataritza indartzea, azpiegitura sozial berriak garatzea eta ekipamendu komunitario berriak martxan jartzea.

Galtzaraborda biziberritzeko esku hartze garrantzitsuak

Galtzaraborda biziberritzeko plana garatzeko mugarria izango da lortutako finantziazio lerro berri hau. Izan ere, aurkeztutako inbertsio planean, proiektu handienak Galtzaraborda biziberritzeko planean jasotakoak dira. Horiek horrela, hiru inbertsio mota bereizten dira. Batetik auzoko azpiegitura berdea garatzeko parkea eraberritzeko 3.120.601 euroko inbertsioa jasotzen du planak. Bestetik, eraberritze urbanorako, beste 1.009.384 euroko inbertsioa aurreikusten du Galtzarabordan eta azkenik, Haurreskola berriaren eraikuntza ere finantzatzen lagunduko lukete funts hauek.

Uztailean iragarri bezala Haurreskolaren proiektuaren idazketa amaituta dago eta lizitaziora ateratzear dira obrak. Aurreikuspena da datorren urte berriarekin batera eraikuntza lanak abiatzea.

Tokiko ekonomia indartzea

Bigarren esparru estrategikoa tokiko ekonomia indartzera bideratuta dago. Arlo honetan, zehazki, Beraungo merkataritza eremua biziberritzera bideratutako inbertsioak aurreikusi dira. Horrela 2027an zehar 642.000 euroko inbertsioa egitea jasotzen du planak, bereziki merkatal eremuaren ingurunean esku hartze esanguratsuak eginez.

Arditurriko bide berdea hobetzen jarraitzea

Gaur egungo Arditurriko bide berdeari segida emanez, Errenteriako bidegorri sarea hobetzen jarraitzeko 678.368 euroko inbertsioa ere jasotzen du planak. Erdigunean eta Alabergan egitea aurreikusten den lanak lirateke hain justu planean jasotakoak.

Oarsoaldea mailako proiektua

Proiektu hau Oarsoaldeko lau udalek elkarrekin aurkeztu dute, eta horrela deialdi hau lortu duten Gipuzkoako udalerri bakarrak izan dira. Eskualderako orotara 14,4 milioi euroko inbertsio plana aurkeztu dute, Oarsoaldea bizigarriago eta iraunkorrago baten bidean jauzi bat emateko.