Errenteria 2040 prozesuak proposamenen fasea abiatu du: Udalak herritarrak gonbidatu ditu etorkizunaren diseinuan parte hartzera
Datorren astean, hasiko da Errenteriako 2040 Plan estrategikoaren bigarren fase publikoa, eta lehenago atzemandako erronkei nola heldu erabakitzeko unea izango da. Diagnostiko fasean, herriaren indarguneak eta ahuleziak aztertu dira herritarrekin, eragileekin eta udaleko esparru tekniko zein politikoetan. Lan horren emaitzak jaso dituzten dokumentuak argitaratu ditu Udalak.
Aurtengo udaberriaren eta udaren artean gauzatu zen Errenteria 2040 Plan estrategikoaren diagnostiko fasea. Bertan, aurreko plan estrategikoaren balantzea eta, batez ere, herriaren oraingo erradiografia osatu zen. Diagnostikoan azaleratutako erronka nagusiei heltzeko lanak hasi dira dagoeneko, eta datozen asteetan herritarrek euren ekarpena egiteko aukera izango dute berriro. Diagnostikoko jardunaldietan egindako ekarpen aberatsak erabaki politiko eta publikorako oinarri bihurtu dira eta datozen jarduerei norabidea emango diete, bereziki datorren astean egingo diren proposamenetarako saioetan.
Udako etenaren aurretik egindako lanetan herriaren errealitatea aztertu eta etorkizuneko erronkak identifikatu ziren. Orain, lan horren gainean, etorkizunerako alternatibak eta udalerrian garatu beharreko proiektuak diseinatzeko unea iritsi da. Hori dela eta Errenteriako Udalak berriro ere herritarrak deituko ditu euren ekarpena egin dezaten, izan ere, herritarren ekarpena funtsezkoa baita euren ezagutzagatik eta ikuspegi osagarriak emateagatik. Hala, fase honetako lehen bi hitzorduak datorren astean izango dira.
• Urriaren 21ean, 18:30ean, Reina aretoa (Xenpelar kalea, 3 – Erdialdea)
• Urriaren 23an, 18:30ean, Aldakonea eraikinean (Aldakonea kalea, 2, Beraun)
Udalak herritar oro deitu ditu bertan parte hartzera- Era berean, behar beharrezkoa ez bada ere, aldez aurretik konfirmatzea eskatu du, horretarako https://staging.errenteria.cloud/2040-2/izen-emateak/ helbideko formularioa beteta.
Saio hauetan, plan estrategikoaren beraren ardatza izango diren proposamenak jasoko dira; hala nola, ekonomiaz, lurralde antolamenduaz, ongizateaz eta herrian dauden bestelako erronkak gainditzeko proposamenak jasoko dira.
Gainera, hurrengo asteetan saio berezi gehiago egingo dira, bai herritarren ekarpenak jaso eta sakontzeko, bai eremu tekniko eta politikoekin lan egiteko.
Aurreko plan estrategikoaren balantzea eta egungo diagnostikoa; dokumentuak ikusgai
Martxotik ekainera parte hartu duten ehundiko gora errenterriarrek, elkarte anitzen ordezkariek, sektore askotako adituek osatzen duten Plan Estrategikoaren Aholku kontseiluak, udal arduradun tekniko eta politikariek herriaren egoeraren argazki plurala egin dute. Prozesu horretatik eratorritako diagnosiak Errenteriaren ezaugarri hauek nabarmentzen ditu: kokapen geografiko bikaina, mugikortasun jasangarria, herri giro aktiboa eta plurala, mugikortasun lotura egokiak eta kultur eskaintza zabala.
Diagnostiko partekatuak, ordea, zenbait hutsune eta gabezi ere azaleratu ditu, bai gaur egun herritarrek bizi dituztenak eta baita etorkizunean korapilo eta arazo bihur daitezkeenak. Horien artean, kezka handien sortzen dute zahartze demografikoak, gazteentzako emantzipazio eta lan aukeren gabeziak, etxebizitza eskuratzearen zailtasunak, eta lan-prekarietate maila altuak dira. Maila apalagoan bada ere, aparkaleku falta, mugikortasunaren baldintzak eta errenta txikiak arazo gisa atzeman dira. Euskararen erabileraren beherakadak eta osasun mentaleko kezkak ere gora egin dute, bereziki gazteen artean.
Esan bezala, aurreko fasean sortutako 2040 Plan Estrategikoaren diagnostiko osoa, eta aurreko plan estrategikoaren balantzea ere, prozesuaren webgunean eskura daitezke: www.staging.errenteria.cloud/2040
