Pio Baroja eraikina “eskuratzeko” prozesua abiatu du Udalak

Galtzaraborda auzoan kokatuta dagoen Pio Baroja eraikina “eskuratzeko” prozesua abiatu du Udalak. Izan ere, ikastetxe izateari aspaldi utzi bazion ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren beharrei lotuta jarraitzen du formalki oraindik. Horrek esan nahi du uneren batean, Hezkuntza Sailak eraikina erabiltzeko beharra edukiko balu, berak izango lukeela eraikina erabiltzeko lehentasuna eta erabakimena.

Udalak eraikina eskuratu ahal izateko prozesuaren lehen urratsa, eraikinaren desafekzioa eskatzea da eta hori da, hain juxtu, pasa den irailaren 30ean egindako Osoko Bilkuran onartu zena: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eraikina desafektatzeko baimena eskatzea.

Ez da lehen aldia Errenteriako Udalak prozesu hau abiatzen duena. 2007-2008 ikasturtean Errenteriako Udalak desafektazio eskaera egin zion Hezkuntza Sailari, baina ezetsia izan zen. Ordutik, hezkuntza arlokoak ez diren beste erabilera batzuk baimendu izan ditu Udalak, 2009an Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako lankidetza hitzarmen baten bidez. Bertan garatzen duten euren jarduera Aljarafe, Kultur Zentro Andaluziarrak; Albatros Aeromodelismo Elkarteak; Latigo boxeo klubak; edo Kamelamos Adiquerar Elkarteak.

Eskaera onartuz gero, Udalak erabakitzen dituen jardueretarako erabili ahal izango da eraikina eta, horretarako, behar diren birgaitze-lanak egin ahal izango ditu. Prozesu hau bera egin behar izan zen Beraungo Aldakonea eraikinarekin, desafekzioak ahalbidetu zituelarik eraikinaren gaur egungo erabilerak eta erabilera horiek eskatzen zituzten birgaitze-lanak.

Eraikina eskuratzeko ahalegin berri bat egitea erabaki du Udalak, Galtzaraborda Biziberritzeko Planaren baitan elementu esanguratsua baita.

Pio Baroja, Galtzaraborda biziberritzeko azpiegitura garrantzitsua

Errenteriako Udalak iaz landu zuen Galtzaraborda biziberritzeko planaren oinarrizko dokumentu bat, zeinetan, jasotzen dira 2025-2030 aldirako auzoa berroneratzeko hainbat esku-hartze.

Planak jasotzen dituen lan-ildoen artean daude espazio publikoa eraberritzea eta zerbitzu irisgarriak bermatzea. Horregatik jasotzen dira, besteak beste, Urdaburu parkea eraberritu eta naturalizatzeko proiektua edota Haurreskola berria eraikitzeko asmoa.

Urdaburu Parkearen eraberritzea integrala izan dadin, ordea, Udalak nahi du Pio Baroja eraikina eta honen ingurua ere esku hartzearen parte izan daitezen.

Auzoaren biziberritzerako azpiegitura estrategikoak direla iritzita, Udalak auzotar eta parkearen zein Pio Baroja eraikinaren erabiltzaileekin batera landu nahi ditu, bai Urdaburu Parkean, zein Pio Baroja eraikinean egin beharreko esku hartzeak.

Horregatik jarri du martxan desafektazio prozesua Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eraikina desafektatu eta honen erabilera Udalaren esku uztea funtsezko urratsa baita.

Gogoratu behar da Galtzaraborda Plana garatzeko eta planean jasotako inbertsio estrategikoak gauzatzeko laguntza garrantzitsua jaso berri duela Udalak, izan ere, 2,4 milioi euro jaso ditu FEDER funtsetatik. Funts horiek bultzada garrantzitsua dira Galtzaraborda Planak aurrera egin dezan.