Ahotsaren eta musikaren esparruko elkarteen etxea izango dena diseinatu dute Udalak eta eragileek

  • Oraindik eraikitzen ari den Altzate auzo berrian eraikiko da ekipamendu berri hau, ibai-ertzean eraiki diren etxeen artean hutsik dagoen orubean.
  • 2023-2027 Agintaldi Planak jasotako proiektu honek 4,8 milioi euroko aurrekontua izango du eta eraikuntza lanak urte berriarekin batera abiatzea aurreikusten da.
  • Proiektuaren ezaugarriak eta diseinua eragileekin batera landu dira prozesu parte-hartzaile baten bidez eta horren emaitza den proiektu-arkitektonikoa zehaztuta dago jada.

Ahotsaren eta musikaren esparruko herriko eragileen jarduna zein zen ikusirik, Udalak beharrezkoa ikusi zuen agintaldi honen hasieran euren jarduna garatzeko baldintza egokiak eskainiko zituen ekipamendua eraikitzea. Aldi berean, oraindik eraikitzen ari den Altzate auzo berrian ekipamendu bat eraikitzea zegoen aurreikusita, ibai-ertzean eraiki diren etxeen artean hutsik dagoen orubean. Premia eta aukera gurutzatuta sortu zen Altzaten ahotsaren eta musikaren esparruko elkartegintzaren etxea izango dena eraikitzeko ideia, 2023-2027 Agintaldirako Planean jasota dagoena.

Aukera hori herrian ahotsaren eta musikaren esparruan jarduten duten eragileekin partekatu ostean, ekipamendu berri horren diseinua bera eragileekin batera lantzea erabaki zen. Eraikiko den ekipamendua eragileen jardunera egokitu dadin eta euren jardunean jauzi bat suposatu dezan sustatu nahi du Udalak, baita eragileen artean ere lankidetza berrietarako aukera zabaldu eta ahalbidetzea ere.

Eragileekin batera diseinatuta

Duela urtebete, aukera errealitate bihurtzeko asmoarekin, eragileekin batera Udalak partaidetza prozesu bat jarri zuen abian. Errenteriako Musika Bandak, Karnaba Otxoteak eta hiru abesbatzek, Andra Marik, Landarbasok eta Zariak parte hartu zutelarik. Horiez gain, herrian ahotsaren eta musikaren esparruan profesionalki jarduten duten zenbait pertsonek ere parte hartu zuten prozesuan, udalaren departamentu ezberdinetako ordezkariekin batera.

Hilabeteetako prozesuarekin, eraikinaren diseinu partekatua egitea lortu da. Kolektiboki irudikatutakoa, proiektu arkitektoniko bihurtu duelarik Beldarrain arkitektura estudioak jarraian. Dagoeneko zehaztuta dago proiektua eta 4,8 milioi euroko aurrekontua izango dute eraikuntza lanek. Hain justu, Udalak, eraikuntza lanak urte berriarekin batera hasi ahal izateko, azaroan zehar lizitazio prozesua martxan jartzea aurreikusten du. Dena ongi bidean, 2027ko ekainerako lanak amaituta egon daitezke.

Ahotsaren eta musikaren esparruan jauzi kualitatiboa

Errenterian ahotsaren eta musikaren esparruko eragileek duten garrantziaren eta gaitasunaren erakusle da proiektu berri hau. Azken plan estrategikoan zehaztu bezala, kultura, Errenteriaren eraldaketa sozial eta ekonomikorako motore garrantzitsua da. Ekipamendu berri hau, azken urteetan kulturaren esparruan garatutako ekosistema zabalari batuko zaio, are biziago eta indartsuago bihurtuz berau. Halaber, udalerriak duen kultur-fabrika izaera indartzera dator egitasmoa. Herriko dimentsiotik harago, lurralde mailako erreferentziazko espazioa izan nahi du ekipamendu berri honek.

Gainera, gaur egungo eragileei euren lana hobeto garatzeko aukera eskaintzearekin batera, arlo berean lan egiten duten eragile ezberdinak espazio berean kokatzeak, euren arteko lankidetza eta proiektu berriak ahalbidetuko dituela uste du udalak. Gaur gaurkoz irudikatzen ez ditugun aukera berriak zabalduz eta jauzi kualitatibo garrantzitsua emanez.

Auzo berrian txertatutako ekipamendua

Altzate auzo berrian eraikiko den ekipamendu honek, auzora begirako ikuspegia ere badu. Izan ere, ibaiaren aldera kokatuta, kafetegi eta jatetxe berri bat ere jasoko du bere baitan ekipamenduak. Hain justu diseinu arkitektonikoak ekipamendua auzoan ahalik eta egokien integratzeko saiakera egin du. Bai bere baitan garatuko den kultur jarduera kanpoaldearekin lotzeko aukerak sortuz eta baita ibai ertzean erreferentziazkoa izango den paseo berriarekin lotura indartuta ere.