Errenteriako Udaleko langileen aldeko adierazpen instituzionala
Errenteriako Udaleko alderdi politikoek, aho batez, ondorengo adierazpen instituzionala adostu dute:
Errenteriako Udaleko langile publikoek konpromisoz, profesionaltasunez eta zerbitzu bokazioz egiten dute lan. Funtsezko eginkizuna dute guzti-guztiek udal zerbitzuen funtzionamendu egokirako eta gure herriko bizikidetzarako —gizarte zerbitzuetan edo ZU! zerbitzuan arreta ematen dutenetatik hasi, eta udaltzain, brigadako langile edo administrarietaraino—.
2023ko abenduan, San Tomas eguneko jaian, Udaltzaingoaren jarduketa bat egon zen, eta, gaur egun, judizializatuta dago. Azken asteotan, auzibide hori dela-eta, eta epaitegiek zer ebatziko zain egon gabe, Cacahuete Fest! izeneko jaialdi bat antolatu dute, eta deialdiarekin batera plazaratutako komunikatuan, Muntai polizialik ez izenburupean, salaketa onartezinak egin dituzte Errenteriako Udaltzaingoaren aurka.
Komunikatu horretan diote, besteak beste, Udaltzaingoak «herritarronganako jarrera oldarkorra» duela, «beraien handikeria herritarren aurkako indarkeria bihurtzen» dutela, eta «poliziak inoiz ez gaituela babestu». Are gehiago, adierazi dute «muntai polizial bat» gertatu zela 2023ko San Tomas egunean.
Adierazpen askatasunerako eta edozein udal politika kritikatzeko edo zalantzan jartzeko eskubide legitimoaz harago, onartezina da halako salaketak egitea; izan ere, herritarrek udal zerbitzuetan duten konfiantza ahultzen dute, eta zilegitasuna kentzen diote, beren eginkizunak betetzean, Errenteriako herritar guztientzat lan egiten duten enplegatu publikoen lanari.
Udalaren betebeharra da, erakunde enplegatzaile eta zerbitzu publikoaren bermatzaile den aldetik, bere langile guztiekiko errespetua ziurtatzea, eta langileek beren zereginak ingurune seguru batean egin ahal izango dituztela bermatzea, izena zikintzeko girorik gabe. Era guztietako seinalatze eta konfrontazioak arbuiatuz. Aldi berean, herritarren esanetara gaude, eta, beraz, ezinbestekoa da hurbileko eta kalitatezko zerbitzua bermatzea, etengabe hobetzeko bokazio argiz.
Horregatik guztiagatik, udal honetan ordezkatuta gauden alderdiok uste dugu beharrezkoa dela adieraztea udal langile guztiekiko gure babes instituzionala eta erabateko konpromisoa.
Erabakiak
1. Errenteriako Udaleko Udalbatzarrak babesa eta aitortza adierazten die udal langile guztiei, bereziki herritarrei arreta zuzena ematen aritzen direnei, eta berresten du haien osotasuna, duintasuna eta errespetu profesionala babesteko duen konpromisoa.
2. Udalbatzarrak arbuioa adierazten dio dolozko zeinahi ekintzari, ekintza horrek sustatzen badu udal langileen izena zikintzea eta haien lanari zilegitasuna kentzea, kasu jakin honetan, Errenteriako Udaltzaingoarenari, eta orobat aitortzen du egiten duten ezinbesteko lana.
3. Udalbatzarrak konpromisoa hartzen du ingurune instituzional eta sozial segurua bermatuko duela langile publikoentzat, eta behar diren neurriak hartuko dituela haien segurtasuna, osotasuna eta egiten duten lanarekiko errespetua babesteko.
4. Errenteriako Udalak berresten du Errenteriako herritarrekin duen konpromisoa. Berresten du, halaber, zerbitzu publikoarekin duen konpromisoa, etengabe hobetzeko eta kalitatezko arreta emateko bokazioa, bai eta bertako langile guztiekin duen konpromisoa ere, eta gogorarazten du horietako bakoitzaren jarduna lagungarri zaiola Errenteriako herritar guztion ongizateari, segurtasunari eta bizikidetzari.
