Udal ordezkariek harrera instituzionala egin diete Cadizko txirigotei
Errenteriako Udalbatza osatzen duten udal taldeetako ordezkariek alkatea buru, harrera egin zieten joan den larunbatean, hilak 1, Cadizko txirigotetako kidei udaletxeko batzar aretoan. Urtez urte indartzen ari den Cadizko Inauteri Jaialdian parte hartzera etorritako kideei, esker ona adierazi zieten udal ordezkariek euren lana eta jarduna errenteriarrekin partekatzeagatik. Aldi berean esker ona adierazi zieten ere, 11. edizioa duen jaialdi berezi hau antolatzen duten Bi Kolorete Kultur Elkarteko kideei ere
Hain justu, larunbat arratsaldean Lekuona Fabrikak Cadizko Inauteri Jaialdiaren 11. edizioa hartu zuen, Bi Kolorete Kultur Elkarteak antolatua. 500 lagunek ikusi ahal izan dute jaialdia zuzenean, eta beste urte batez, sarrerak agortu ziren aurtengo hitzorduan ere. Ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera ere izan zuten herritarrek.
Jaialdiak goi mailako ikuskizuna eskaini zuen, inauterietako sehaskatik zuzenean talenturik, umorerik eta musikarik onena bilduz.
Ekimenaren aurkezpenean aurreratu zuten bezala, hamaikagarren edizio honetako kartelak Cadizko jaiaren onena eta taldeen espiritu kritiko eta umoretsua irudikatzen duten figura nabarmenak jaso ditu.
‘Los Calaíta’ txirigotaren emanaldi nagusiaz gozatu zuten bertaratuek, txirigota horrek Cadizko inauterietako taldeen lehiaketa ofizialeko (COAC) 2025eko lehen saria eskuratu zuen. Gaueko ikuskizun nagusia izan zen ezbairik gabe, umore beltzari, interpretazioaren originaltasunari eta letren ausardiari esker, bai eta Eugenio umorista omentzen duen pertsonaia bereziari esker.
‘El Canijo’ autore ezagunaren “Los muchachos del congelao” txirigotak gauari adimen eta konpromiso sozialaren dosia ere eman zion. Talde hori COACeko laugarren finalista izan zen, eta egunerokotasunari lotutako gaiak jorratu zituen, samurtasunez eta mezu sotilen bidez.
‘Una chirigota con sHoNikEt3’ txirigotak inauterietako freskotasuna, gaztetasuna eta “giro ona” ekarriko zituen berriz. Txirigotaren energia kutsakorrari esker, publiko gaztearen gustukoenetariko bat bihurtu zelarik.
‘Aquí donde me veis por una chispa no soy rey’ erromantzeak bigarren saria jaso zuenak bere modalitatean , eta kaleko inauterietako ahotsik jatorrena eta egiazkoena ekarri zuen bere satira politikoaren eskutik.
Gainera, jaialdiak herriko harrobiarekin duen konpromisoaren erakusgarri, Koldo Mitxelena ikastetxeko 11 urteko hiru ikasle-taldek eman zioten hasiera ikuskizunari, euskara hutsean egin eta interpretatutako txirigota-pieza batekin, “kulturen fusioa eta etorkizuneko proiekzioa sinbolizatuz”.








