Aurrekontu handiagoa, agintaldiko proiektu estrategikoak garatzeko

Errenteriako Udal Gobernuak 2026rako udal aurrekontu proposamena aurkeztu du. 73 milioi euro inguruko aurrekontua da, iazkoa baino %7,4 handiagoa. Lau erronka handiri erantzuteko eta 2023-2027 Agintaldi Planean jasotako proiektuak gauzatzen jarraitzeko planteatu ditu aurrekontuak Udal Gobernuak.
Aizpea Otaegi alkateak, Eneko Del Amo Ogasun eta Hirigintza zinegotziak eta Maite Gartzia alkateordeak 2026rako aurrekontu proposamena aurkeztu dute. 72,9 milioi euroko aurrekontua da, iaz baino %7,4 handiagoa.
Proposamenak azken urteetako goranzko joerari eusten dio: 2023tik aurrekontua ia 10 milioi euro igo da, eta azken hiru ekitaldietan %15,6ko igoera metatua izan du.
Alde horretatik, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren aurreikusitako igoerak (%10,25ean zenbatetsia), proiektu eta inbertsioei lotutako kanpo-finantzaketak eta zerga eta prezio publikoen bilketaren bilakaera positiboak (zerga-ordenantzen aldaketarekin onartutako %2,4ko igoeraren arabera) udalaren aurrekontu-sendotasuna eta gastu-ahalmen handiagoa finkatzen dute.
Udal Gobernuaren arabera, “aurrekontu anbiziotsua eta, aldi berean, arduratsua da, eta agintaldi-planaren proiektu estrategikoak bizkortzeko eta herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko diseinatuta dago”.
Udalerriaren lau erronka nagusiri erantzuteko
Aurrekontu hauekin Gobernu Taldeak lau erronka handiri erantzun nahi die. Hiri-berroneratzeko proiektuak areagotzea, gizarte-babesa indartzea, trantsizio ekologikoan sakontzea, eta kultura gizarte-kohesioaren eta garapen ekonomikoaren eragile gisa sustatzen jarraitzea.
Hiri-berroneratzeko proiektuetan, irisgarritasuneko eta mugikortasun bertikaleko proiektu garrantzitsuei jarraipena ematen zaie, hala nola Pontika – Luis Mariano – Igantzi ardatzari. Laster hasiko dira igogilau berria eraikitzeko lanak gauzatzen, eta 570.000 € gehiago bideratuko dira horretarako.
Galtzaraborda Planari ere jarraipena ematen zaio, inbertsioetan 1,2 milioi euro gehiago jarriz. Zehazki 700.000€ Haureskolako obrak egitera bideratuko dira zeina dagoeneko lizitazio prozesuan dagoen. Gainontzeko 500.000 euroak Parke kaleko berrurbanizatze-lanak eta irisgarritasuna hobetzeko baliatuko dira. Gainera, herritarrekin eta auzoko eragileekin batera prozesu parte-hartzaile bat egiteko partida bat ere jasotzen du, Urdaburu parkearen eraberritzea kolektiboki diseinatzeko.
Auzoetako hiri-kalitatea hobetzen jarraitzeko, Iztieta-Ondartxon hiltegiko lanei jarraipena ematea proposatzen da. Hiltegiaren lizitazioa laster aktibatuko da, eta 900.000 € gehiago bideratuko dira obra finantzatzeko.
Olibeten ludoteka eta familia gunea zerbitzu berria sortuko da eta 500.000€ bideratuko dira horretarako.
Gobernu Taldeak gizarte-babesa indartzen jarraitzen du, gizarte-zerbitzuen aurrekontua handituz (2025ean baino % +25,24 gehiago), batez ere etxez etxeko zerbitzua indartzeko eta zaintza-lanak duintzeko apustuagatik, azpikontratatutako langileen eta udal-langileen baldintza ekonomikoak parekatuz. Fini Rubio eraikinaren inguruan egindako definizio-prozesua amaitzeko, eraikin hori egiteko proiektua idatziko da. Horretarako, 120.000 euroko aurrekontu-partida bat ere jasotzen du aurrekontuak.
Gainera, eta Eusko Jaurlaritzari Errenteria eremu tentsionatu izendatzeko proposatutako etxebizitza-planaren logikari jarraituz, etxebizitza eskuratzea errazteko neurriak indartuko dira, 200.000€ baino gehiago bideratuz hainbat ekintzetan eta herritarrei arreta eta aholkularitza emateko bulego berri bat sortuz.
Trantsizio ekologikoari dagokionez, hondakinen kudeaketa hobetzen jarraitzeko apustua nabarmentzen da. Horretarako, gutxi gorabehera 6 milioi euro bideratuko dira hondakinen kudeaketa, bilketa eta tratamendura.
Energia berriztagarrien arloan, udal-ekipamenduetako teilatuetan plaka fotovoltaikoak instalatzea bultzatzen jarraituko da, eta horretarako guztira 440.000€ proposatzen dira.
Horrez gain, 1.700.000€ bideratuko dira berdegune berriak sortzeko, Barandiaran Parkea kasu, zeinaren obrak lizitazioan baitaude.
Azkenik, mugikortasun iraunkorra sustatzeko, 1.109.000 € erabiliko dira garraio publikoa bultzatzen jarraitzeko, 2025ean baino % 16,37 gehiago.
Era berean, 500.000 €-ko aurrekontu-partida bat bideratuko da Askatasunaren Martirien kaleko aparkalekua eraikitzeko, Olibet auzoko bizilagunei eta RENFEko geltokiari zerbitzua emango diena.
Azpimarratzekoa da, halaber, kulturan dauden lan-ildoak indartzearen aldeko apustua, % 11,64ko aurrekontu-igoerarekin, bai eta Altzaten ahotsaren eta musikaren etxea eraikitzeko lanak hasteko aurrekontu-zuzkidurarekin ere (2.000.000€), eraikuntza lanen lizitazioa laster aktibatuko delarik. Gainera, aurrekontuak igoera nabarmena izango du euskararen sustapenaren arloan, %22ko igoerarekin.
Akordioak lortzeko borondatea
Behin Udal Gobernuak aurrekontu proposamena aurkeztuta, oposizioaren ekarpenak jasotzeko epea zabaldu da. Otaegiren hitzetan, “Udal Gobernuak oposizioaren ekarpenak entzun eta akordioetara iristeko borondatea du”. Gainera, erronka handi horiei erantzuteko beharra herritar eta herriko eragile gehienen artean “partekatua” dela uste du.
