Iztieta-Ondartxoko hiltegi zaharra eraberritzeko proiektua aurkeztu dute Udalak eta zenbait eragilek

Iztieta-Ondartxoko hiltegi zaharraren eremuaren eraberritzeak aurrera jarraitzen du. Lehenik, hiltegiaren atzealdeko pabiloiak eraitsi eta ingurunea berrurbanizatu zuen Udalak. Jarraian, Hibaika arraun elkarteak dagoeneko erabiltzen duen, ontzientzako biltegi berria eraiki zuen. Eta gaur hirugarren proiektu garrantzitsua aurkeztu dute, hiltegi zaharra eraberritzeko proiektua zehazki. Udal ordezkariek, Iztieta-Ondartxoko Auzo Elkarteko eta Hibaika elkarteko kideekin batera egin dute proiektu berriaren aurkezpena.

Eraberritzeko lanak maiatzean hastea aurreikusten du Udalak, eta urtebete inguruko iraupena izango dute. Horretarako azaroan abiatuko du kontratazio prozesua. 1.500.000 euroko aurrekontua izango dute eraberritzeko lanek.
Eraberritzean hiltegi zaharren ondare arkitektonikoa babestu eta balioan jarriko da. Landu den proiektuak, dimentsio hori mimoz zaindu du eta kontutan hartu ditu eraikinak berezkoak dituen izaera eta ezaugarriak.

Erabilera anitzak
Iztieta-Ondartxoren biziberritzean garrantzia handiko azpiegitura komunitarioa izango da honakoa eta bere baitan erabilera ezberdinak jasoko ditu. Lehenik, Hibaika Arraun elkarteak orain arte bezala, eraikin honetan izango ditu entrenamenduetarako bere azpiegiturak. Besteak beste, 275 metro karratuko gimnasio berria.

Baina ekipamendu honek bestelako zerbitzuak ere izango ditu bere baitan. Zehazki, herriko gazteen zein gaztetxoen aisialdirako gazteleku berria bertan kokatuko da. Horrez gain, auzotarrentzako bileretarako espazioa ere egongo da. Ekipamendu berri hau Iztieta-Ondartxoko bizilagun eta elkarteentzat aterpe izan dadin.

Iztieta-Ondartxoren biziberritzean mugarria
Hiltegi zaharraren birgaitzea izango da beraz Ondartxoko ingurua hobetzeko eta biziberritzeko beste jarduera garrantzitsu bat, 2023-2027 agintaldi planean jasota dagoena.

Aurretik ordea, pausu garrantzitsuak eman ditu Udalak, ingurune honen eraldaketa eta eraberritzea posible egiteko. Zehazki ia 200.000 euroko inbertsioa egin zuen aurreko agintaldiaren amaieran, hiltegiaren atzealdeko pabiloiak eraitsi eta ingurunea berrurbanizatzeko.

Bestetik, Hibaikaren ontzientzako biltegi berria ere eraiki berri du, hiltegi zaharraren aurrealdean. Guztira, ia milioi erdiko inbertsioa egin duelarik egurrezko instalazio berezia errealitate bihurtzeko.