Eskualdeko auzoak biziberritzea helburu duen ‘Auzoaren Arima’ proiektua aurkeztu dute
‘Auzoaren arima’ proiektuaren aurkezpena egin zuten atzo Errenterian, lokal pilotu batean, programaren helburu nagusia sinbolizatuz: eskualdeko auzoei arima itzultzeko espazio hutsak suspertzea.
Ekitaldian parte hartu zuten Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak; Aizpea Otaegi, Oarsoaldeko lehendakari eta Errenteriako alkateak; Mikel Arruti, Lezoko alkateak; Joana Mendiburu, Oiartzungo alkateak; Teo Alberro, Pasaiako alkateak; Idoia Lizeaga, tokiko artista eta Auzoaren Arimaren lehen esku-hartze artistikoaren sortzaileak; Alex Oier Olarra-González, tokiko ekintzaileak, eta Oarsoaldea Garapen Agentziako Garapen Ekonomikoko eta Turismoko zuzendariek, Beatriz Brosa eta Olatz Olaizola, hurrenez hurren.
Aurkezpenean, agintariek azaldu zuten Auzoaren Arima eskualdeko lau udalerrietan gauzatuko den hiri-berroneratze eredu integrala dela, eta merkataritza-bultzada hutsetik harago doala. Erakusleihoetan sormenezko esku-hartzeak eginez, lokal hutsak aktibatuz, ekintzaileei aholkularitza emanez, kaleko instalazio artistikoak jarriz eta tokiko merkatua sortuz, proiektuak kaleen dinamismoa berreskuratzea, hurbileko merkataritza sustatzea eta komunitate sentimendua indartzea du helburu.
Lokalen gaineko esku-hartzeak eta dinamizazio-plana
Proiektuak 233.558,40 euroko aurrekontua du, eta 2026 urtearen amaierara arte egikaritzeko aukera. Bi lan-ildo nagusi ditu:
Lokalen gaineko esku-hartzeak: “erakusmahai” edo lokal hutsen katalogo bat, bitartekotza integraleko zerbitzu bat (higiezinak, birgaitzea eta enpresak) eta jarduera berrietarako dirulaguntzen programa bat barne hartzen ditu.
Dinamizazio-plana: marketin-plan bat, lokal hutsetarako “terapia aringarriak” (hala nola “pop-up” dendak eta erakusleiho iragankorrak), kaleko esku-hartze artistikoak eta negozio jasangarriak eta berritzaileak sustatzeko “joera inspiratzaileen kita” biltzen ditu.
Azken helburua da 12 saltoki berrira arte martxan jartzea, 25-30 lokal aktibatzea eta parte hartzen duen udalerri bakoitzean gutxienez kale bat hobetzea modu integralean.
Aizpea Otaegi Oarsoaldeako lehendakari eta Errenteriako alkateak tokiko ehunak bizi duen egoeraz eta aurre egin beharreko erronkaz hitz egin zuen. Bi zentzutan nabarmendu zuen tokiko merkataritzaren garrantzia: batetik, komertzioek sustapen ekonomikoa bermatzen dutelako, baina, bestetik, kaleen bizigarritasuna bermatzen dutelako. Otaegik erronka handia dela onartu zuen eta, bere ustez, erronka handiek politika publiko sendoak eta ausartak behar dituzte, eta horiek, aldi berean, bi osagai behar dituzte. Batetik, berrikuntza edo gauza berriak egiten ahalegintzea eta, bigarrenik, lankidetza, bai erakundeen artekoa eta bai tokiko eragileen artekoa. “Uste dut Auzoaren Arima ekimenak elementu horiek kontutan hartzen dituela, eta horregatik ongi etorria ematen diogu ekimenari, ongi etorria Eusko Jaurlaritzak ekimen hau babestu izanari eta espero dugu ibilbide polita egiteko aukera ematea”, adierazi zuen.
Iztietako merkataritza biziberritzea
Errenteriari dagokionez, alkateak azaldu zuen azken urteotan udalerriak kontzentrazioaren aldeko estrategia garbia jarraitu duela; pentsatuz merkataritza eta establezimendu mota desberdinak gune zehatzetan biltzeak erosketetarako interesgarri eta bizigarritasunaren ikuspegitik erakargarri egiten dituela. Errenteriako Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziak (PERCO) lehentasunezko eremutzat jotzen ditu erdigunea, Iztieta eta Beraun. Hala, Otaegik aurreratu zuen, Errenteriari dagokionez, Auzoaren Arima proiektua Iztieta auzoan gauzatuko dela. Horrela, ekimen honen esparruan, hutsik dauden lokalak dinamizatzen eta lokal hutsak dituztenen eta negozioak jarri nahi dituztenen arteko bitartekaritza publikoa eskaintzen saiatuko dira. Gainera, dinamizazio-ekintzak ere egingo dira, lokal horietatik harago doazenak eta Iztieta bere osotasunean hartzen dutenak, eta herrian hain berezkoa den sorkuntzak ere bere tokia izango du. “Iztietako lokalak biziberritzeko apustu sendoa egingo dugu eta espero dugu tradizioz Iztietarena hain propio den merkataritzari bultzada bat eman ahal izatea”, amaitu zuen alkateak.

