Errenteriako Udalak datozen egunetan hasiko ditu Pontika, Luis Mariano eta Igantzi lotuko dituen hiri igogailua eraikitzeko lanak
Pontika, Luis Mariano eta Igantzi artean oinezkoen irisgarritasuna eta konektibitatea hobetuko dituen esku-hartze hau 2023ko Irisgarritasun Planean jasotako ekintzen barruan kokatzen da eta urrats garrantzitsua da Pontika – Luis Mariano – Igantzi oinezkoen ardatz berria sortzeko, 2023-2027 Legealdi Planean jasotako konpromisoa.
Oinezkoentzako ardatz hori bi fasetan eraikiko da. Lehen fasean, hiri-igogailu berri bat eraikiko da, eta oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat egingo da Pontika eta Beraun (Luis Mariano) auzoen artean. Lehen fase horretan, etorkizuneko bigarren igogailura sartzeko plataforma, euste-hormak eta egituraren zimenduak eraikiko dira, eta, hala, proiektuaren hurrengo fasea, idazketa-fasean dagoena, prestatuko da.
Lanak Urbicolán S.L. enpresari esleitu zaizkio. Aurrekontua 1.181.070,47 eurokoa da (BEZa barne) eta obrak egiteko epea urtebetekoa, gutxi gorabehera. Obrak, gainera, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza izango du, 402.286,89 euroko ekarpena egingo baitu.
Auzokideekin landutako proiektua
2024ko uztailean ezohiko auzo batzarra egin zen Igantzin eta bertan Udalak orain arte aztertu dituen alternatiba ezberdinak landu ziren.
Bilera horretan argi geratu zen Igantzi eta Pontika lotzeko alternatibak piztu zuela interes gehien.
Bilera horretatik aurrera, behar desberdinak bateratuko zituen eta ahalik eta pertsona gehienei zerbitzua emango zien irtenbide bateratu eta integrala lantzeko konpromisoa hartu zen, afekzioak minimizatuz eta igogailu berriak ingurunean integratuz.
Proiektuaren emaitza aurtengo martxoan aurkeztu zen publikoki eta, xehetasunak zehaztu eta obren lizitazio prozesua osatu ondoren, lanak datozen egunetan hasiko dira.
