7. Bizi Errenteria kanpainako bonuak erabiltzeko azken egunak
Abenduaren 9ra arteko epea izango dute herritarrek 7. kanpainako bonuak erabili ahal izateko. Irailaren 1ean jarri zen martxan aurtengo kanpaina eta oraindik pausoa eman ez duten herritarrei, udalak gonbidapena luzatu die bonuak eskuratu eta erabiltzeko. Halaber, gogorarazi die bizi.staging.errenteria.cloud helbidean deskargatu daitezkeela bonuak edo, laguntza behar izanez gero, Udaletxean zein Aldakonean ere eskuratu ditzaketela.
2020an abiatu zen BIZI Errenteria egitasmoa, pertsonak eta herriaren bizigarritasuna erdigunean jarrita, errenteriarren gaitasun ekonomikoa areagotzeko, tokiko ekonomia bultzatzeko eta herrian erosteko ohitura sustatzeko asmoz. Beste ekimen batzuekin batera, orain arte erosketa bonuen sei kanpaina gauzatu ditu Udalak.
7. kanpaina berritasunekin ari da garatzen gainera, azken urteetan bonuen banaketan izandako arazoak ekiditeko helburuarekin, bonuak eskuratzeko sistema seguruagoa ezarri baitu martxan Udalak. Sistema berri hau, gainera, pertsonalizatuagoa da eta bonuak etxe bakoitzari esleitu beharrean, pertsona bakoitzarenak dira kanpaina berrian.
Ia 400.000 euro bideratu ditu Udalak 7. kanpainara, herriaren eta herritarren suspertze ekonomiko zein soziala bultzatzeko helburuarekin.
Nola eskuratu daitezke bonuak?
Aurreko kanpainetan ez bezala, bonuak aurten ez dira etxeetara iritsi, azken urteetan bonuen banaketan sortutako zenbait arazo ekiditeko helburuarekin. Horrela, 1990 urtea baino lehen jaiotako errenteriar guztiek, bizi.staging.errenteria.cloud webgunean deskargatu eta mugikorrean gorde ditzakete, ala paperean inprimatu, bina bonu. Bonuak eskuratzeko NAN zenbakia edo pasaportearena eta jaiotza data behar dira. Aurreko urteetan egin bezala, 18-35 urte bitarteko gazte bakoitzak, berriz, hiruna bonu izango dituzte eskuragarri, gazteengan herrian erosketak egiteko ohitura bereiziki sustatzeko helburuarekin. Bonuak deskargatzeko epea abuztuaren 11ean hasi zen arren, hauek abenduaren 9ra arte deskargagarri egongo dira.
Aurtengo aldaketa garrantzitsuetako bat bonuen pertsonalizazioa da. Izan ere, lehen bonuak etxe bakoitzeko banatzen ziren eta orain, aldiz, pertsonako daude eskuragarri. Horrela banaketa justuago bat egin nahi du Udalak, lehen lau pertsona bizi ziren edo bakarra bizi zen etxera bonu kopuru bera iristen baitzen eta orain, aldiz, pertsona bakoitzak eskuratuko ditu bere bonuak.
Arrakala digitala ekiditeko neurriak
Udala jakitun da sistema berri honek herritarrengan aldaketa bat suposatuko duela eta, horregatik, bereziki sistema honen bidez teknologia berriak tarteko bonuak eskuratzeko zailtasunak izan ditzaketen herritarrak kanpo geratu ez daitezen, bonuak deskargatzeko laguntza eskaintzen ari da Udala arreta ordutegian: udaletxean, astelehenetan 7:30etik 14:00etara, astearte eta ostegunetan 7:30etik 18:45era, eta asteazken eta ostiraletan 7:30etik 15:00etara; Aldakonean, berriz, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:00etara.
Bonuak norberaren mugikorretik ala ordenagailutik eskuratzeko aukera dago edo Udaletxeko zein Aldakoneako kutxazainetan. Bonuak inprimatzea beharrezkoa ez izan arren, mugikorra erabiliz erakutsi baitaitezke, herritarrek inprimatu nahiko balituzkete etxean ala Errenteriako Udalak herrian dituen ondorengo baliabideak erabiliz inprimatu ditzakete: Lekuonako ordenagailuetan, Aldakoneako ordenagailuetan edo KZGunean.
Erabilera
Bonuak abenduaren 9ra bitartean erabil daitezke kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan.
Erosketa Bonuen 7. kanpainan, aurreko kanpainetan bezala, bonu bakoitzarekin 10 €-ko edo gehiagoko erosketatan 5€-ko hobaria eskuratuko da. Bonuak batera erabil daitezke, baina aplikatutako hobariak ezingo du gastu osoaren % 50a gainditu.
Bonuak erabili ahal dira BIZI Errenteria programara atxikitu diren merkataritza, zerbitzu zein ostalaritza establezimenduetan eta zuzenean publikoari saltzeko baimena edo parekoa duten nekazaritzako erregimen bereziko jardueretan.
