Azaroak 25eko Errenteriako Udalaren adierazpena Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta

Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu indarkeria matxistak beldur eta lotsa ingurugiroa sortzen duela, eta horrek ekarri ohi du indarkeria jasaten dutenak bakartzea eta isilaraztea eta, orobat, biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa handitzea. Are okerragoak dira halako egoerak, gainera, isolatuago egon litezkeen emakumeen artean, dela sarerik ez dutelako, dela komunitatean sustraituta ez daudelako; besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.

Komunitateak, aldiz, beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta modua ematen du babes-loturak garatzeko eta narratiba komunak sortzeko. Horregatik, komunitateak lagun dezake emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, zeinetan diskriminazio eta indarkeria adierazpenek ez duten tokirik. Auzokideekin, lagunekin edo kuadrillakoekin harreman estua izateak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela.

Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, bai eta enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza eman ere. Halaber, lagun diezaieke jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta haien onera etortzen, emakumeon erritmoak eta erabakiak errespetatuz betiere.

Tokiko komunitateak, bestalde, biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki adierazi bai gaitzespena, bai biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna.

Udalok, azkenik, erantzukizun zuzena dugu komunitateak sustatzeko, halako moldez non auzotarrak, taldeak eta kuadrillak erne egongo diren indarkeria matxistaren aurrean; bultzatu behar dugu indarkeria matxista pairatzen dutenak altzoan hartu, integratu eta babestuko dituen bizitza komunitario bat. Era berean, gure erantzukizuna da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzat erreparatzaile izango diren komunitateak sustatzea.

Horregatik, Errenteriako Udalak honako jarduera hauek egiteko edo egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du:

• Hezkuntza komunitatean eragiten jarraitzea, haur, gazte eta nerabeei zuzendutako formazioa eskainiz, egunero hainbat arlotan jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko.

• Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten ingurumarietan.

• Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, tokiko komunitatearekin lotu daitezen, arreta berezia jarriz emakume eta neskatoengan.

• Errenteriako III. Berdintasun Planean «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak» ardatzean onartutako ekintza plana garatzen jarraitzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzeko helburuarekin.

• Errenteriako emakumeen aurkako indarkeriaren memoria historikoa osatzen jarraitzea.

• Hurbiltasun-sare lokalak indartzea: topaguneak, komunitate-jarduerak eta tokiko elkarteen bizitasuna zaindu, pertsona guztiak eta, bereziki, emakume eta neskarik zaurgarrienak konektatzeko.

• Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen bitartekoetan sakontzen jarraitzea, hartara erreferentziazko gune izaten jarrai dezan, ikastaro, gogoetarako espazio zein zerbitzuen bidez indarkeria pairatzen duten emakumeen harrera, arreta eta ahalduntzerako.

• Indarkeria gaien lanketan herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jardutea.

• Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.

• Genero-indarkeriaren aurka eta emakumeen eskubideen alde dugun konpromiso irmoa berrestea, edozein motatako indarkeria matxistari aurre eginez.

Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, mugimendu feministak Errenterian antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko. Gaur, arratsaldeko 19:00etan Clara Rangel plazatik abiatuko da manifestazioa.