Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu etorkizuneko Errenteria irudikatzera Ideien Fabrikan

- Herritarrek euren proposamenak eta ikuspegiak partekatzeko aukera izango dute abenduaren 11n goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00etara Lekuona Fabrikan.
Errenteriako Udalak abenduaren 11n Ideien Fabrika ekimena antolatuko du, Errenteria 2040 Plan Estrategikoaren proposamen fasearen barruan. Ekimen honetan, herritarrek etorkizuneko bisioa eta erronka nagusiak kontrastatzeko eta proiektu eta proposamenak egiteko aukera izango dute.
Diagnostiko fasean identifikatutako erronka nagusiei heltzeko proposamenak jasotzea da ekitaldiaren helburu nagusia. Bertan, ekonomia, lurralde antolamendua, ongizatea eta herrian dauden bestelako erronkei buruzko ekarpenak biltzeko espazioa eskainiko da.
Parte hartzeko aukerak
Ideien Fabrika goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00etara egongo da zabalik, Lekuona Fabrikaren lehen solairuan. Herritarrek modu askean bisitatu eta euren ekarpenak egin ahal izango dituzte egun osoan zehar.
Modu sendoagoan lan egiteko, berriz, bi saio antolatu dira:
• Lehenengo saioa: 14:00etatik 16:00etara
• Bigarren saioa: 18:00etatik 20:00etara
Bi saio horiek irauten duten bitartean haurren zaintza zerbitzua egongo da.
Era berean, eskola ikasleek saio propioa izango dute goizean, gazteen ikuspegia eta ekarpenak biltzeko.
Data horretan ezin dutenek parte hartu, etxeetara bidaliko den argitalpen baten bidez egin ahal izango dute euren ekarpena. Argitalpen horretan informazioa eta galdetegi bat egongo da, zeina Aldakonean, Lekuonan eta Udaletxean bertan entregatu ahal izango den. Era berean, galdetegi bera on-line ere eskuragarri egongo da, parte hartzea errazteko.
Plan Estrategikoaren idazketaren bilakaera
Aurtengo udaberriaren eta udaren artean gauzatu zen Errenteria 2040 Plan Estrategikoaren diagnostiko fasea. Bertan, herriaren indarguneak eta ahuleziak aztertu ziren herritarrekin, eragileekin eta udaleko esparru tekniko zein politikoetan. Diagnostikoan azaleratutako erronka nagusiei heltzeko lanak hasi dira dagoeneko, eta herritarren ekarpena funtsezkoa da euren ezagutzagatik eta ikuspegi osagarriak emateagatik.
Diagnostikoak Errenteriaren kokapen geografiko bikaina, mugikortasun jasangarria eta kultur eskaintza zabala nabarmentzen ditu. Aldi berean, zahartze demografikoa, gazteentzako emantzipazio aukeren gabezia, etxebizitza eskuratzearen zailtasunak eta lan-prekarietate maila altuak erronka gisa identifikatu dira.
Informazio gehiago: www.staging.errenteria.cloud/2040
