2026rako aurrekontuak onartu ditu Errenteriako Udalak
Atzoko udalbatzan onartu ziren 2026. urterako Errenteriako Udalaren aurrekontuak, Gobernu Taldea osatzen duten bi alderdien aldeko bozkarekin. 72,9 milioi euroko aurrekontua da, iaz baino %7,4 handiagoa.
Aurrekontuak azken urteetako goranzko joerari eusten dio: 2023tik aurrekontua ia 10 milioi euro igo da, eta azken hiru ekitaldietan %15,6ko igoera metatua izan du.
Alde horretatik, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren aurreikusitako igoerak (%10,25ean zenbatetsia), proiektu eta inbertsioei lotutako kanpo-finantzaketak eta zerga eta prezio publikoen bilketaren bilakaera positiboak (zerga-ordenantzen aldaketarekin onartutako %2,4ko igoeraren arabera) udalaren aurrekontu-sendotasuna eta gastu-ahalmen handiagoa finkatzen dute.
Udalerriaren lau erronka nagusiri erantzuteko
Aurrekontu hauekin lau erronka handiri erantzun nahi dio Udalak. Hiri-berroneratzeko proiektuak areagotzea, gizarte-babesa indartzea, trantsizio ekologikoan sakontzea, eta kultura gizarte-kohesioaren eta garapen ekonomikoaren eragile gisa sustatzen jarraitzea.
Hiri-berroneratzeko proiektuetan, irisgarritasuneko eta mugikortasun bertikaleko proiektu garrantzitsuei jarraipena ematen zaie, hala nola Pontika – Luis Mariano – Igantzi ardatzari. Laster hasiko dira igogailu berria eraikitzeko lanak gauzatzen, eta 570.000 € gehiago bideratuko dira horretarako.
Galtzaraborda Planari ere jarraipena ematen zaio, inbertsioetan 1,2 milioi euro gehiago jarriz. Zehazki 700.000€ Haureskolako obrak egitera bideratuko dira zeina dagoeneko lizitazio prozesuan dagoen. Gainontzeko 500.000 euroak Parke kaleko berrurbanizatze-lanak eta irisgarritasuna hobetzeko baliatuko dira.
Gainera, herritarrekin eta auzoko eragileekin batera prozesu parte-hartzaile bat egiteko partida bat ere jasotzen du, Urdaburu parkearen eraberritzea kolektiboki diseinatzeko.
Auzoetako hiri-kalitatea hobetzen jarraitzeko, Iztieta-Ondartxon hiltegiko lanei jarraipena ematea proposatzen da. Hiltegiaren lizitazioa laster aktibatuko da, eta 900.000 € gehiago bideratuko dira obra finantzatzeko.
Olibeten, ludoteka eta familia gunea zerbitzu berria sortuko da eta 500.000€ bideratuko dira horretarako.
Gizarte-babesa indartzen ere jarraituko du Udalak, gizarte-zerbitzuen aurrekontua handituz (2025ean baino % +25,24 gehiago), batez ere etxez etxeko zerbitzua indartzeko eta zaintza-lanak duintzeko apustuagatik, azpikontratatutako langileen eta udal-langileen baldintza ekonomikoak parekatuz. Fini Rubio eraikinaren inguruan egindako definizio-prozesua amaitzeko, eraikin hori egiteko proiektua idatziko da. Horretarako, 120.000 euroko aurrekontu-partida bat ere jasotzen du aurrekontuak.
Gainera, eta Eusko Jaurlaritzari Errenteria eremu tentsionatu izendatzeko proposatutako etxebizitza-planaren logikari jarraituz, etxebizitza eskuratzea errazteko neurriak indartuko dira, 200.000€ baino gehiago bideratuz hainbat ekintzetan eta herritarrei arreta eta aholkularitza emateko bulego berri bat sortuz.
Trantsizio ekologikoari dagokionez, hondakinen kudeaketa hobetzen jarraitzeko apustua nabarmentzen da. Horretarako, gutxi gorabehera 6 milioi euro bideratuko dira hondakinen kudeaketa, bilketa eta tratamendura.
Energia berriztagarrien arloan, udal-ekipamenduetako teilatuetan plaka fotovoltaikoak instalatzea bultzatzen jarraituko da, eta horretarako guztira 440.000€ proposatzen dira.
Horrez gain, 1.700.000€ bideratuko dira berdegune berriak sortzeko, Barandiaran Parkea kasu, zeinaren obrak lizitazioan baitaude.
Azkenik, mugikortasun iraunkorra sustatzeko, 1.109.000 € erabiliko dira garraio publikoa bultzatzen jarraitzeko, 2025ean baino % 16,37 gehiago.
Era berean, 500.000 €-ko aurrekontu-partida bat bideratuko da Askatasunaren Martirien kaleko aparkalekua eraikitzeko, Olibet auzoko bizilagunei eta RENFEko geltokiari zerbitzua emango diena.
Azpimarratzekoa da, halaber, kulturan dauden lan-ildoak indartzearen aldeko apustua, % 11,64ko aurrekontu-igoerarekin, bai eta Altzaten ahotsaren eta musikaren etxea eraikitzeko lanak hasteko aurrekontu-zuzkidurarekin ere (2.000.000€), eraikuntza lanen lizitazioa laster aktibatuko delarik. Gainera, aurrekontuak igoera nabarmena izango du euskararen sustapenaren arloan, %22ko igoerarekin.

