Errenterian arau-hauste penalek %11,5 egin dute behera 2025ean

Gaur elkartu da Udaleko segurtasun mahaia eta azken hilabeteetako bilakaeraren balantze positiboa egin dute.

Ohiko dinamikari jarraituz, gaur bildu da Errenteriako Segurtasun Mahaia. Bertan, Ertzaintzak eta udaltzaingoek ezagutu dituzten delituei buruzko orain arteko balantzea egin dute, udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideek udaltzaingoarekin batera. Urtarrila eta iraila artean izandako arau-hauste penalen bilakaera aztertu dute, 2024ko garai berdineko datuekin alderatuta.

Txosteneko datuei dagokienez, poliziak (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) ezagutu dituen arau-hauste penalen guztizko kopuruak nabarmen egin du behera aurreko urtearekin alderatuta, zehazki %11,5, 2024ean egindako 1.742 arau hausteetatik 2025ean 1.542ra igarota. Aurtengo jaitsiera, iaz izandako arau-hauste penalen %3ko jaitsieraren tendentziari gehitzen zaio horrela.

Arau-hauste presentzialen kasuan eman da jaitsiera, zehazki %17,5ekoa, 1.299tik 1.072ra igarota. Izan ere, ziberdelinkuentziaren arau-hausteen kopuruak gora egin du %6, 443tik 470era.

Arau-hauste presentzialen esparruan, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak izan dira gehien jaitsi direnak, %20, eta bloke horren barruan gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretek berriz % 33 egin dute behera.

Gatazken bitartekaritza zerbitzua kontsolidatuta

Arau-hausteen datuak aztertzearekin batera, segurtasunaren eta elkarbizitzaren esparruan martxan jarritako zerbitzu garrantzitsu baten jarraipena ere egin dute, zehazki, gatazken bitartekaritza zerbitzuarena.

Dagoeneko zerbitzu hau kontsolidatu da eta 2025ean 49 kasu kudeatu dira. Haietatik, 22 kasu akordio batera heldu dira (%44,9), 18 kasu ebatzi gabe daude oraindik (%36,7) eta 9 kasu abian daude. Kudeatutako gatazkei dagokionez, zaraten ingurukoak izan dira nagusienak (31 kasu; %63,3). Bitartekaritza modua berriz, zuzena izan da bide nagusia (29; %59,2), eta ondoren zeharkako bitartekaritza (16; %32,7).