Errenteriako Udalak hasiera eman dio Barandiaran parkeko obren bigarren faseari
Errenteriako Udalak irailean hasi zuen parkeko obren lizitazio prozesua, beharrezko baimenak lortu ostean. Azaroaren amaieran Moyua enpresari esleitu zitzaizkion parkea eraikitzeko lanak.
Kontratua sinatu zenetik, udal teknikariak, obra zuzendaritza eta enpresa eraikitzailea lanean aritu dira obren hasiera azkartzeko, eta horretarako behar den dokumentazio guztia prestatu dute.
Gaur bertan sinatu dute obraren hasiera eta aste honetan zehar aurretiko lanekin hasiko dira: obrarako instalazio osagarriak jartzea, languneetarako sarbideak prestatzea, materialak biltzeko eta hondakinak kudeatzeko gunea prestatzea, etab.
Obrak 14 hilabete iraungo duela kalkulatu da, eta aurrekontua 2.159.075,72 eurokoa da (BEZa barne).
Hainbat fase dituen proiektu bat
Aurretik, 2022 eta 2023 urteen artean egindako lanak, hala nola, orubean identifikatutako kutsatzaile esanguratsuenak (hidrokarburoak, PCBak, disolbatzaileak) tratatzea eta kudeatzea, 40.000 litroko fuel-olio biltegi bat kentzea, eta deskontaminazioa modu eraginkorrean gertatu zela egiaztatzeko ebaluazioa eta jarraipena, funtsezkoak izan ziren obrak egitea ahalbidetu zuten baimenak eta ziurtagiriak lortzea arintzeko. Obraren lehen fasea 2024ko irailean hasi zen, eta parkea zehazteko eta errekaren ibilgua berreskuratzeko beharrezko lur-mugimenduak egin ziren. Paraleloki, lurzoruen deskontaminazioaren jarraipena egiten jarraitu zen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimenean ezarritako jarraibideen arabera. Aldi berean, URA Agentziarekin ingurumen-irizpideak eta parametro hidraulikoak landu ziren, parkea egituratzen duen Pekin errekastoaren ibilgua urez hornitzeko. Lehenengo fasearen kostua 1.595.436,46 eurokoa izan zen.
Agintaldiaren proiektu estrategikoa
Parkearen eraikuntza da 2023-2027 Agintaldi Planean jasotzen den proiektu garrantzitsuenetako bat. Tamaina handiko proiektu konplexua da (12.650 m2), eta ahalegin handia egin behar izan da hura gauzatzeko, batez ere lurzoruak deskontaminatzeko, baina baita Pekin erreka azaleratzeko ere. Azken horretarako beharrezkoa izan da koordinazio estua URA Agentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarekin, lanak behar bezala garatzeko.
Lan hauekin udalerriak espazio bizigarri garrantzitsu bat irabaziko du, besteak beste, jolas-jardueretarako eta aisialdirako, auzotarren eskaera historikoa izan dena errealitate bihurtuta.
