Beraun kalea eraberritzeko lanak amaitu dira
Errenteriako alkateak eta Hirigintzako zinegotziak, auzokideen ordezkariekin eta udal teknikariekin batera, bisita bat egin dute Beraun kalean egin diren hiri-berroneratzeko esku-hartzeen emaitza ikusteko.
Espazio zabal hori birsortzeko proiektua 2022. urtearen amaieran hasi zen, eta egindako plangintzaren arabera, hiru fasetan garatu da.
Lehen fasean, 63 ibilgailurentzako lur gaineko aparkaleku berri bat sortu zen eta gerora horri batu zaio kalearen beheko aldean eraiki den aparkalekuen eraikina. Txakurrentzako parkea ere birkokatu zen, berdegune berri bat sortuz horrela. Bertan, tirolina berri bat jarri da dagoeneko.
Kalearen behekaldean kotxeentzako aparkalekuen eraikina eraikitzearekin batera, ingurunearen urbanizazioa eta bidegorriaren zati baten zabalkuntza ere egin ziren.
2024an amaitu zen esku-hartzearen lehen fase honetan, zeinetan esku-hartze garrantzitsuak egin baitziren saneamendu- eta euri-uren sarean, 669.614 euro erabili ziren guztira.
Proiektuaren bigarren fasean, bi plaza berri sortu ziren 5. eta 15. zenbakien artean, 1.500 m² baino gehiagorekin, eta egoteko eta jolasteko eremuak zabaldu ziren, 0-3 urte bitarteko haurrentzako parke bat sortuz eta azalera landareduna jarriz. Autobide azpiko tunelean ere esku hartu zen, seguruagoa eta ibiltzeko errazagoa izan zedin.
2024aren amaieran bukatu zen bigarren fase hori gauzatzeko 890.000 € erabili ziren.
Hirugarren eta azken fasean, kale osoan zehar irisgarritasuna hobetzeko beharrezko lanak egin dira, jarraikortasuna emanez, oztopoak kenduz eta espaloiak zabalduz, batez ere behekaldeko eta erdialdeko zatian. Bidegorria igogailuetaraino ere zabaldu da eta ibilgailuen trafikoaren abiadura murrizteko neurriak indartu dira, oinezkoen mugikortasuna seguruago bihurtuz.
Azken fase hori 2025eko abenduan amaitu da, eta guztira 786.000 € erabili dira.
2.345.614 euroko proiektua guztira
Hiri-berroneratzeko proiektu zabal hau gauzatzeko, 2.345.614 euro behar izan dira, proiektuaren hiru urteetan, eta Eusko Jaurlaritzaren 725.00 €-ko laguntza izan du.
Eraberritze-proiektu hau, irisgarritasuna hobetzeko 2019an egindako esku-hartzeei batzen zaie. Zeinetan Beraun kalea, Galtzaraborda etorbidea eta Beraun kalearen behealdean dagoen aparkalekuen eraikina lotzen dituzten hiri-igogailuak eraiki ziren.
Horrekin guztiarekin, hiri-eremu garrantzitsu bat erabat eraldatu da, bizigarriagoa bihurtuz. Orain inguru hori hobetzen jarraituko du Udalak, Pontika eta Luis Mariano plaza lotuko dituen hiri-igogailu berria eraikiz. Eraikuntza lan hauek ere martxan daude dagoeneko. Proiektu hauek guztiak 2023-2027 Agintaldi Planean jasota daude.

