Alokairuko 500 etxebizitza babestu eraikitzeko lursailak eskaini dizkio Udalak Eusko Jaurlaritzari

  • Positiboki baloratu du Udalak, Eusko Jaurlaritzak Errenterian alokairuko etxebizitza babestua eraikitzeko egindako apustua eta eskatu dio bat egin dezala Errenteriako Udalak horretarako aurreikusi dituen lurrekin

Errenteriako Udalak hiru urterako etxebizitza plana onartu zuen eremu tentsionatuaren izendapenaren testuinguruan. Planean jasota dagoen bezala, etxebizitza larrialdiari erantzuteko erakundeen arteko gobernantza partekatua eta etxebizitza politiken lerrokatzea funtsezkoa da. Testuinguru horretan, planari jarraipena egiteko elkartu ziren Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko ordezkariak pasa den asteazkenean. Horrez gain, gaur, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak ere elkartu dira planaren jarraipena egiteko Etxebizitza Mahaia deiturikoan.

Gobernu Taldearen arabera, udala modu egokian ari da garatzen etxebizitza plana eta dokumentuan urte honetarako jasotako 35 neurrietatik 29 gauzatu ditu dagoeneko. Hala nola, etxebizitza turistiko berrientzako lizentziak etetea, gazteen emantzipaziorako etxebizitza komunitarioaren ordenantza berritzea, etxebizitzak birgaitzeko laguntzak zabaltzea edota alokairuko etxebizitza babestua eraikitzeko lursailak doan lagatzea Eusko Jaurlaritzari.

Horrela, agintaldiko lehen erdian 4.165.952 euro bideratu ditu Udalak etxebizitza eskuragarriago egiteko neurrietara. Besteak beste, 276.251 euro etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzetara, 1.365.206 eusko jaurlaritzari urbanizazio-kargarik gabe eta doan lurzoruak lagatzera, 770.548 etxebizitza eskuragarriago egiteko pizgarri fiskaletara edota 1.398.303 herritar zaurgarrienei etxebizitzara sarbidea bermatzeko gizarte larrialdietarako laguntzetara.

432 alokairuzko etxebizitza publiko gehiago udalaren lurretan

Eusko Jaurlaritzarekin aste honetan izandako bileran, Errenteriako Udalak, HAPO berrirako identifikatu dituen udal lursail eraikigarrien eta etxebizitza dotazionalak eraikitzeko lursailen berri eman dio Jaurlaritzari. Lursail horietan 432 alokairuzko etxebizitza publiko eraikitzeko aukera dago, eta horiek doan eta urbanizazio kargarik gabe Jaurlaritzaren esku uzteko proposamena egin dio Udalak. Horrela, lursail horietan Eusko Jaurlaritzak alokairuko etxebizitza babestua eraiki dezan. Udala, jakitun baita alokairuko etxebizitza babestua eraikitzea funtsezkoa dela herrian bizi den etxebizitza larrialdiari erantzuteko.

Zehazki, garapen berrien kasuan, Gamongoa eta Perutxene-Sagastin, 54 eta 60 alokairuko etxebizitza babestu eraikitzeko lursailak identifikatu dira hurrenez hurren.

Beste alde, dagoeneko eraikita dagoen hiri ingurunean ere zehaztu ditu Udalak alokairuko etxebizitza babestua eraikitzeko aukera ematen duten lursailak. Zehazki, Erdigunean 116, Esnabiden 82, Gabierrotan 35, Agustinetan 25, eta Igantzin 62 etxebizitza eraiki ahal izateko.

Partzela horiek guztiak Udalak Esnabiden eta Altzaten eskaini dituenei gehitzen zaizkie, eta bertan alokairu publikorako 72 etxebizitza inguru eraikiko dira. Epeei dagokionez kexu agertu dira udal ordezkariak. Titularretatik harago garrantzitsua dela iritzita proiektuak erritmo onean garatzea. “Ez da onargarria esaterako, duela hiru urte lagatu izana Esnabideko partzela, eta gaur gaurkoz oraindik Eusko Jaurlaritzak eraikuntza proiektua ere egin ez izana”, adierazi dute.

Guztira, Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzaren esku jarri du beraz alokairuko 500 etxebizitza publiko baino gehiago eraikitzeko lurzoru-bankua.

Hiri eredu trinko eta orekatua

HAPO berrirako egindako udal lursail eraikigarrien identifikazioak hiri garapenerako eredu eta estrategia orekatu bati erantzuten dio. Alde batetik, dagoeneko eraikita dagoen hiri ingurunea dentsifikatzea sustatuko da herri ingurune guztian zehar, bi etxebizitza garapen berrirekin batera, etxebizitza tipologia ezberdinak nahastuz eta horrekin errenta ezberdinetako herritarren arteko aniztasuna eta oreka sustatuz. Orotara 1200 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du HAPO berriak, horietatik 500 etxebizitza babestuak izatea jasotzen duelarik. Udalak adierazi duenez, dagoeneko Gamongoa eta Perutxene-Sagastiko bi garapen berriak martxan jartzeko lanean ari dira.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Gaztañoko kotxeren eremurako proposatu duen garapenaren inguruan, udal ordezkariek adierazi dute, udal teknikariekin batera, eremu horretan etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertu zutela, eta emaitzak ikusita aukera hori baztertzea hobetsi zutela, etxebizitzak eraikitzeko ingurune egokia ez izategatik.

Horregatik, Bide Berria proposamenean jaso bezala, ingurune horretarako beste erabilera batzuk landu eta proposatu zituen Udalak. Hala nola, intermodalitatea sustatuko duen eta erdigunean trafiko arazoei irtenbidea ematen lagunduko dien 200 plazako aparkaleku disuasorioa eraikitzea eta Gaztañoren eta erdigunearen arteko lotura hobetuko luken kalitatezko espazio publiko berriak sortzea.