Osakidetzak aintzat hartu du Lartzabalen lehen arretako osasun-zentro bat jartzeko Oiartzungo eta Errenteriako udalek modu bateratuan egindako proposamena

Oiartzungo eta Errenteriako udalek proposamen bateratua aurkeztu diote Osakidetzari, bi udalerrien arteko mugan dagoen Lartzabal auzoan lehen arretarako osasun-zentro berri bat martxan jartzeko. Egun bertan dagoen bigarren mailako arretako anbulategia aprobetxatzea planteatzen dute, horretarako beharrezkoak diren eraikuntza edo eraberritze lanak eginda, bi udalerrietako biztanleen osasun-arretaren beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko.
Errenteriak gaur egun lehen arretako bi osasun-zentro ditu, Iztietan eta Beraunen, eta Iztietakoa, gainera, Etengabeko Arreta Gunea (EAG) da Oarsoalde osorako. Oiartzunek, berriz, lehen arretako osasun-zentro bakarra dauka herrigunean, eta larrialdietarako erreferentzia nagusia Errenteriako Iztietakoa da.
Bi udalerriek elkarrekin 50.000 biztanletik gora dituzte gaur egun, eta Oarsoaldeak, Pasaia eta Lezorekin batera, ia 72.000 herritar biltzen ditu. Testuinguru horretan, udalen esanetan, lehen arretako osasun-azpiegiturek gero eta presio handiagoa dute, bereziki, Errenteriako Iztietako Osasun Zentroak, espazio-arazo nabarmenak baititu, bai kontsultetan, bai itxarongeletan.
Biztanleriaren hazkundeari erantzun
Udalek azaldu dutenez, egoera are gehiago zailduko da datozen urteetan bi udalerrietan aurreikusitako hiri-garapenekin eta biztanleriaren hazkundearekin. Errenterian, Altzate auzo berria martxan da jada, eta hurrengo 10-15 urteetan 1.200 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten da Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean. Oiartzunen, berriz, datozen 4-8 urteetan 700 etxebizitza inguru eraikiko dira, eta 2035erako 12.300 biztanle izatera iristea espero da. Guztira, bi udalerrietan 3.000 biztanle inguruko hazkundea aurreikusten da epe labur-ertainean.
Testuinguru horretan, Lartzabalen lehen arretako osasun-zentro berri bat zabaltzea “erabat justifikatua” dela uste dute alkateek. Kokapenak bi udalerrien beharrak batera asetzeko aukera ematen duela azpimarratu dute, eta, gainera, gainerako osasun-zentroekiko banaketa geografiko orekatuagoa ahalbidetuko lukeela. Horrez gain, egungo Lartzabalgo anbulategiak handitzeko aukerak eskaintzen dituela nabarmendu dute, bai zabaleran bai altueran.
Osasun arreta orekatuagoa
Udalek egindako kalkuluen arabera, Lartzabalgo osasun-zentro berriak 11.500 biztanle ingururi emango lieke arreta. Horrek Iztietako osasun-zentroaren gainkarga arintzea ekarriko luke, 4.000 paziente inguru gutxiagorekin. Errenteriaren kasuan, zehazki, Agustinak, Gabierrota, Lartzabal, Fanderia eta Zamalbide auzoetako herritarrei eskainiko lieke arreta eta Arragua-Ugaldetxoko bizilagunei, berriz, Oiartzungoen kasuan.
Edonola ere, bi udalek azpimarratu dute proposatutako biztanle-banaketa orientagarria dela, eta Osakidetzarekin elkarlanean bestelako aukerak aztertzeko prest agertu dira, besteak beste, Etengabeko Arreta Gunearen kokapena berrikusteari dagokionez. Helburua argia dela azpimarratu dute: eskualdeko herritarrei kalitatezko osasun-arreta bermatzea, etorkizuneko beharrei aurrea hartuz.
Osakidetzaren erantzunarekin pozik Udalak
Duela zenbait hilabete luzatu zioten bi udalek elkarrekin proposamena Osakidetzari. Harrera ona izan du proposamenak alkateen esanetan, eta dagoeneko Osakidetzako teknikariek bisita egin dute udal teknikariekin batera proposamenaren bideragarritasuna aztertzeko.
Gainera, aurreko astean aurkeztu zuen Osakidetzak datozen 6 urteetarako azpiegituretan egin asmo dituen inbertsioen plangintza. Dokumentu horretan dagoeneko ageri da Errenterian esku hartzeko proposamena, gaur gaurkoz oraindik kokapen zehatza zehaztu ez badu ere. Testuinguru horretan Lartzabalgo Lehen Arretako osasun zentroa martxan jartzeko aukera dagoela azpimarratu dute bi alkateek.
