Piroteknia erabiltzeko arauak gogoratu ditu Errenteriako Udalak
Jai egun hauetan, istripuak prebenitzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Errenteriako Udalak gogorarazi nahi ditu piroteknia erabiltzeko murrizketak. Su artifizialekin eta petardoekin lotutako arriskuei erantzuten die neurriak. Udalak bizikidetzarako deia egin du eta datozen egunetan ingurukoekiko errespetuz jarduteko eskatu du, jakina delako badirela horrelako zaratekiko hipersensibleak diren pertsonak eta etxeko animaliei ere eragiten dielako.
Udalak gogorarazten du Lehergaien Araudiak sailkatzen dituela produktu piroteknikoak kategoria desberdinetan, arriskuaren arabera, eta horien salmenta eta erabilera arautzen dituela. Araudi horrek berak zehazten du zein produktu mota sal eta erabil daitezkeen, eroslearen adinaren arabera.
• 12 urtetik beherakoek debekatuta dute 1. kategoriako artikuluak erostea eta erabiltzea; bengalak eta bonbetak, esaterako.
• 16 urtetik beherakoek ezin izango dituzte 2. kategoriako artikuluak eskuratu, petardoak eta erretiluak barne.
• 18 urtetik beherakoek 3. kategoriako produktuen erabilera mugatuta dute, hala nola, trakak eta suziriak.
Araudi horiek ez betetzeak 30.000 euro arteko isunak ekar diezazkieke produktu piroteknikoak modu irregularrean saltzen dituzten establezimenduei. Kasurik larrienetan, lokala ixtea ere aurreikusten da.
Era berean, espresuki debekatuta dago edozein piroteknia-gai jaurtitzea balkoietatik, leihoetatik edo espazio itxi eta jendetsuetatik.
Udalaren gomendioa
Suteak eta eragozpenak sor daitezkeenez, egunotan piroteknia ez erabiltzea gomendatu du Udalak eta erantzukizun kolektiborako deia egin du.
