Bisita gidatuak

Herriaren hainbat alor ezagutzera emateko asmoz, Errenteriako Udalak bisita gidatuak diseinatu eta antolatu ditu, bakarka edo beste zenbait eragilerekin batera. Historia, natura, industria-ondarea eta zenbait kultura-zerbitzu ezagutu daitezke atondutako ibilibideez eta azalpenez. Adin guztietako pertsonek aurkituko dituzte beraientzat egokitutako bisita eta bakarka nahiz taldeka eman ahal izango dute izena ekimen bakoitzaren arduradunekin harremanetan jarrita.

Historia eta ondarea

Historia eta ondarea
Ondare historiko eta artistikoa ezagutzera emateko asmoz, Errenteriako Udalak, Turismo bulegoaren bitartez, ikasle zein edozein motako elkarte eta entitateei herrian zehar bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen die.
• Egun batez batzarkide: udaletxea eta honen funtzionamendua ezagutzeko 5-10 urtekoei zuzendutako bisita-tailerra. (ordu 1).
• Errenteriako 5 ateen bila: hiribilduaren Erdi Aroko historia ezagutzeko 8-12 urtekoei edo adin horretako umeak dituzten familiei zuzendutako pista-jokoa. (ordu 1).
• Errenteriako altxorrak azaleratzen: hiribilduaren aztarna arkeologikoak ezagutzeko 8-12 urtekoei edo adin horretako umeak dituzten senideei zuzendutako pista-jokoa – ginkana. (1,5 ordu).
• San Marko gotorlekutik haratago: 8-12 urteko haurrei zuzendutako bisita-tailerra eskualdeko historia ezagutzeko (ordu 1).
• Sirena hotsen atzetik: hiribilduaren historia industriala ezagutzeko 10-12 urte edo adin horretako umeak dituzten senideei zuzendutako pista-jokoa – ginkana. (1,5 ordu).
****
• Oreretatik itsas-hirira: Errenteriako Erdi Aroko eta Aro Berriko historia ezagutzeko 13 urtetik gorakoei zuzendutako bisita gidatua. (ordu 1).
• Kasko historikoan ezkutatuta: hiribilduaren aztarna arkeologikoak ezagutzeko 13 urtetik gorakoei zuzendutako bisita gidatua. (1,5 ordu).
• San Marko gotorlekua, eskualdeko begiratokia: 13 urtetik gorakoentzako bisita gidatua, bailararen historia eta haren bilakaera ezagutzeko (ordu 1).
[San Marko gotorlekuak, gainera, Aizpitarteko kobazuloei buruzko erakusketa iraunkor bat du lehen solairuan, eta jarduera militarrari buruzko beste bat beheko solairuan.]
• Manchester txikira bidaia: industrializazioa Errenterian ezagutzeko 13 urtetik gorakoei zuzendutako bisita gidatua. (1,5 ordu).
• EmakumeEKIN: gizarteko arlo ezberdinetan Errenteriako emakumeak egindako ekarpenak ezagutzeko 13 urtetik gorakoei zuzendutako bisita gidatua. (2 ordu).

Bisita gidatuak doakoak dira eta ikasle taldeei zein elkarte edo erakunde ezberdinei (kulturalak, hirugarren adinekoak, etab.) eskaintzen zaizkie. Eskaerak astebete lehenago bidali behar dira Errenteriako Turismo Bulegora, 943 49 45 21 telefonora deituz,

Gainera, urtean zehar, bisitaldi horiek publiko orokorrari eskainiko zaizkio tarteka (Atlantikaldian zehar, irailean, edo Ondarearen Europako Jardunaldietan integratuta, urria-azaroan), eta horietarako deialdi zehatza egingo da komunikabideen bitartez. San Marko gotorlekuari dagozkionak herritarrei irekita daude gotorlekuaren irekitze-epean.
Halaber, Cicerone Sistemaren bidez (telefonoz) ibilbide autogidatuak egiteko aukera dago.

Ondare naturala eta paisaiak

Hauek dira Udalak hainbat eragile publiko eta pribaturekin udan antolatzen dituen bisita gidatuak: Aiako Harria Natur Parkearen organo kudeatzailea, GPS Fundazioa, Felix Ugarte Espeleologia Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea eta abar. Helburua da natur ingurunearen erabilera publikoa sustatzea, modu ordenatu eta atsegin batean eta, horretaz gain, Errenteriako ondare natural, bioaniztasun eta paisaiari buruz ikastea, batez ere babestutako eremuez, hala nola Lau Haizeta Parkea eta Aiako harriaren Natur Parkea eta Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremua, azkena Natura Sarea 2000n sartua. Data eta prezioen inguruko informazioa udal web orrian dago eskuragarri.

Batetik Oarsoaldeak antolatzen dituen bisitak daude eta hauetan izena emateko turismo bulegoan baliatu behar da (943 494 521 edo turismo@staging.errenteria.cloud).

Bisita hauen prezioa 1 edo 2 euro izaten da, pertsonaren adinaren arabera, eta honakoak dira:

  • Añarbeko Erreserba eremua
  • Aizpitarteko haitzuloetako aztarnak
  • Lau Haizeta parkea eta Sanmarko gotorlekua