Indarkeria matxista
Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa bat da, genero-desberdinkerien adierazpenik larriena eta, batez ere emakumeei eragiten diena. Emakumeek emakume izateagatik pairatzen duten giza eskubideen aurkako urraketarik larriena bada ere, sexu-genero-sexualitate sistema nagusiaren aginduak hausten dituzten pertsonek ere jasaten dute (hala nola, LGTBI+ pertsonek).
Indarkeria matxista gure jendarteko arazo larrienetarikoa da eta mugimendu feministak azken hamarraldian egindako aldarrikapenek gai hau agenda politiko eta sozialean sartzea lortu dute.
Indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta eta laguntza emateko baliabideak eta zerbitzuak
Indarkeria matxista pairatzen ari diren emakumeek bereziki nora jo dezaketen jakiteko eta zein baliabide eta zerbitzu dituzten ezagutzeko helburuarekin sortu dira ondorengo euskarriak.
Udal baliabideak:
Emakumeen Etxea
Gizarte Zerbitzuak
Udaltzaingoa
Azaroaren 25a

Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza izaten dira jendea sentsibilizatu, indarkeria jasaten duten emakumeei elkartasuna adierazi eta egoera horiek salatzeko.
Zergatik azaroaren 25ean? Dominikar Errepublikan, 1960ko azaroaren 25ean, Trujilloren diktadurapean Mirabal ahizpak (María Teresa, Patricia eta Minerva) diktadura haren kontrako herri-mugimenduan parte hartzeagatik torturatu, bortxatu eta erail egin zituzten. Era horretan emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokaren ikur bilakatu ziren, eta 1981etik hona azaroaren 25 guztietan mundu osoan zehar oroitzen da egun hori. 1999ko abenduan Nazio Batuen 83. Biltzarrean, Dominikar Errepublikak proposatuta, beste 60 gobernuren laguntzarekin, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatu zen.
Plakak herriko sarreretan
Errenteriako Berdintasun Kontseiluak proposatuta, 2019ko azaroan herriko lau sarreretan Errenterian eraso sexistei aurre egiten diegu. Lesbofobia, homofobia, transfobia, bifobia eta interfobiarik gabeko udalerria leloa duten plakak jarri ziren.
Plaka horiek indarkeria sexistarik eta fobiarik gabeko herria aldarrikatzeko eta herritarren artean indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko jarri ziren.
Sentsibilizazio-kanpaina
Indarkeria matxista egiturazko arazoa da eta kanpaina honekin azpimarratu nahi da urteko egun guztietan indarkeria matxistarik gabe bizitzeko nahia.
Kanpaina honekin beste hiru mezu ere zabaldu dira: Errenterian indarkeria matxistari aurre egiten diogula, emakumeok ez dugula baimenik behar askatasunean bizitzeko, eta eraso baten erantzulea erasotzailea dela. Era berean, Errenteriako Udalak indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeentzako laguntza, informazio eta orientaziorako udal baliabideak gogorarazi ditu: Gizarte Zerbitzuak eta Emakumeen Etxea.
Kanpaina zabaltzeko erabili diren euskarriei dagokienez, Udaletxeko balkoian jartzen den pankarta berritu da eta autobus geralekuetako markesinak erabili dira. Halaber, kanpainako kartelak banatu dira udalerriko udal eraikinetan, komertzioetan eta ostalaritza establezimenduetan.
Azken urteetako programazioa:
Errenteriako emakumeen aurkako indarkerien memoria historikoa osatzen
Errenteriako Udalak onartutako III. Berdintasunerako 2023-2031 planean, datozen urteetarako emakumeen eta gizonen berdintasunerako arloko politika publikoak garatzeko esparru estrategikoak ezarri ziren. Hainbat lan ildo zehaztu ziren bertan; besteak beste, indarkeria matxistarik gabeko udalerria lortzea.
Helburu hori lortzeko zehaztu zen ibilbideetako bat udalerriko emakumeen aurkako indarkeriaren memoria historikoa jasotzea izan zen. Hala, antolatu diren jardunaldiak udalerriko indarkeria matxisten memoria historikoa berreskuratzeko lehen urratsa izango dira.
Aurtengo gaia sorginen memoriaren ingurukoa izango da, ikuspegi feministatik. Zentzu horretan, gai horren inguruan programazioa antolatzeaz gain, datozen asteotan Mari Zozaiaren pasealekuaren inaugurazioa egingo da Altzate auzo berrian. Izan ere, Mari Zozaia Errenterian bizi zen eta 1609an Zugarramurdiko sumarioaren testuinguruan auzipetu, galdekatu, torturatu eta kondenatu zuten. Sorgin ehiza XV. eta XVIII. mendeen artean gertatu zen fenomeno historiko bat da eta garai horren azterbide feminista lagungarri zaigu emakumeak sorginekin parekatzen dituen iruditeria eta diskurtsoa deseraikitzeko.
Programazioa urtez urte:
2024
Azaroak 21: ‘Sacar a la luz la memoria de las rapadas’ dokumentalaren proiekzio eta aurkezpena.
Dokumentalaren proiekzioaren ondoren proiektuaren egile den Lola Martín-Consuegra Martín-Fontecharekin solasaldia egon zen.
Azaroak 23: ‘Emakumea Babesteko Patronatuak: Errepresio frankistaren irakurketa feminista’ izenburu duen mahai-ingurua.
Mahai-inguruan parte hartu zuten: kazetari eta ikerlari den Andrea Momoitiok, patronatuan egondako ikerlari Consuelo Garcia del Cid Guerrak eta Errenteriarra den eta Patronatuan egon zen Ana Bengoetxeak.
Azaroak 25: Clara Rangel plazaren izendatzea
Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Clara Rangel izena gehitu zitzaion Errenteriako kale izendegiari. Rangel, estatistika ofizialak egiten direnetik, Errenterian indarkeria matxistak eraildako emakume bakarra da; izan ere, 2008 urtean erail zuek haren bikotekideak. Erailketa matxistak edo bestelako eraso sexistak gertatzen direnean mugimendu feministaren elkarretaratzeak egiteko eremu bilakatu da Erbiti kalearen eta Biteri kalearen arteko elkargunea eta eremu horri eman zaio Clara Rangel izena, bere omenez eta indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakume guztiak aitortuz.
Azaroak 28: ‘Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa, 1979-1980’ argitalpenaren aurkezpena
Argitalpenaren aurkezpena Arantxa Iraola kazetariak gidatu zuen eta bertan izan ziren liburuaz hitz egiteko ikerketaren egileak diren Argituz elkarteko kideak, argitalpenaren hitzaurrea egin duen Nerea Barjola, politologo feminista eta ikerlaria, eta argitalpena osatzeko prozesua ikuskatu duten Berdintasun Kontseiluko kideak.
Argitalpena hemen kontsultatu dezakezu.
Argitalpena paperean Udaletxean eta Emakumeen Etxean eskura daiteke.
Jai parekideak
Emakumeek eta LGTBI+ pertsonek bizitzako eremu guztietan, eremu publikoan barne, eta bereziki jai eta aisialdi testuinguruan pairatzen dituzten diskriminazio egoerez eta erasoez jakitun, Udalak sentsibilizazio eta prebentzio dinamika desberdinak jarri ditu abian jaien testuinguruan.
Auzoetako jaiak
Madalenetan martxan jarri zen kanpaina auzoetako jaien errealitatera egokitu da. Kanpaina egokitzeko hausnarketa eta sentsibilizazio saioa antolatu zen auzo elkarteekin eta horren emaitza Auzo erosoa leloa duen kanpaina izan da. Auzo bakoitzaren errealitatea eta beharrak ezberdinak direnez, kanpainak baliagarria izan nahi du tokian tokiko duen errealitatearen arabera baliatzeko.
– Kartel orokorra euskaraz eta elebitan, auzoan zehar jartzeko. Kartelak QR kode bat du eta eskuorrira eramaten zaitu.
– Eskuorria informazio orokorrarekin.
– Protokoloa, jaietan lanean daudenentzako. Bertan erasoak prebenitzeko gomendioak biltzen dira. Garrantzitsua da jaietan lanean egongo diren pertsona guztiek protokoloaren berri izatea.
–Txapak “Nirekin eroso” · “Cuenta conmigo”, jaietan lanean egongo diren erreferentziazko pertsonak identifikatzeko balioko dute, edozer gertatuz gero jendea haiengana gerturatu daitezkeela adierazteko.
– Logoa. Kanpainarekin bat egiten baldin bada, Kultura Kreaktiboaren eta Udalaren logoarekin batera kanpainarena txertatzea proposatzen da.
Kanpainak bi helburu estrategiko ditu. Alde batetik, Errenteriako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean indarkeria matxistarik gabeko herria lortzeko ardatzean zehaztu zen jaien testuinguruan sentsibilizazioa lantzea erasoak gertatu daitezen prebenitzeko. Eta, bestetik, 2023-2027 Agintaldi Planean definitu zen erasorik gabeko jaien lanketa integralean sakontzen jarraitzeko proiektuari erantzutea.
Madalenetako kanpaina
Madalenetan, mugimendu feministako kideekin, jai batzordeko eragileekin eta Ostari ostalaritza elkarteko ordezkariekin batera egindako kanpaina jarri da abian, Ez bazaude eroso, erasoa da lelopean.
Kanpaina honen bitartez, herritarren artean kontzientzia pizteaz gain, askotarikoak diren erasoen aurrean esku hartzeko jarraibideak eskaintzen dira, bai erasoa lehen pertsonan pairatu dutenentzat, bai erasoen lekuko izan direnentzat ere. Era berean, agerian jartzen da inork ez duela pertsona bat nola sentitzen den zalantzan jartzeko eskubiderik eta eraso baten erantzulea erasotzailea denaren ideia ere azpimarratzen da.
Sentsibilizazio kanpainarekin batera, ondorengo baliabiabideak martxan jarri dira.
24 orduko telefono zerbitzua
Jaietako egun zehatzetan 24 orduko telefono zerbitzua aktibatzen da, doakoa eta erabat konfidentziala.
Zerbitzu honen helburu nagusiak informazioa eta orientazioa eskaintzea, laguntza psikologikoa ahalbidetzea eta erregistroa burutzea izan dira.
Indarkeria sexistarik gabeko gunea
Indarkeria matxisten inguruko sentsibilizaziorako eta prebentziorako gunea martxan jartzen da, indarkeria horien gainean kontzientziatzeko xedearekin. Horrela, eraso horiek jasan ditzaketen pertsonen bizipenak jaso eta egoera horiei aurre egiteko tresnak eskaintzen dira, euskarri informatiboen banaketaren eta bertan egongo diren adituen laguntzaren bidez.
Foru plazan kokatzen da eta bi profesional egoten dira bertan.
Beldur Barik Programa
Bel
dur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta haren helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendartearen eraldaketan laguntzeko. Alegia, Beldur Barik jarrera bultzatzea. Horretarako, Beldur Barik programa hainbat tresnaz baliatzen da.
Erakundeen arteko koordinazioa
Errenterian indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeak artatzeko eta indarkeria kasuak hobeto detektatzeko, erakundeen arteko koordinaziorako mekanismoak jarri dira eta erreparazio neurriak hartzeko irizpideak ezarri dira. Horretarako, indarkeria matxistari aurre egiteko udal zerbitzuak koordinatzen ditugu, orientazioa eta informazioa ematen dugu eta erreparazio neurrien inguruko aholkularitza ematen dugu, besteak beste.







