Errenteria etxebizitzari dagokionez eremu tentsionatu izendatu da datozen 3 urteetarako. Behin epe hori igarota, deklarazioa eragin duten arrazoiak aldatu ezean urtero izendapena bere horretan mantenduko da.

Zergatik izendatu da Errenteria eremu tentsionatu?

– Etxebizitzaren alokairuaren hileko batez bestekoa KPI metatua baino gehiago igo delako azken 5 urteetan

– Etxe bakoitzak bataz beste sarreren %30 baino gehiago bideratzen dituelako hipotekaren edo alokairuaren kostua ordaintzera

– Etxebizitza ez delako eskuragarria eta erakundeoi etxebizitzarako eskubidea bermatzeko merkatuan esku hartzea dagokigulako

Errenteriako etxebizitza errealitatearen diagnostiko zehatza hemen ikus daiteke.

Azalpen bideoa

 

Zer ondorio dakartza izendapenak?

– Alokairuan bizi diren herritarrek gaur egungo alokairu kontratua 3 urtez baldintza berdinetan luzatzeko aukera izango dute

– Alokairu kontratu berrien prezioa mugatuko da, azken kontratuko prezioa erreferentziatzat hartuta

– Azken 5 urteetan alokatu ez diren etxebizitzen kasuan, alokairuaren prezioa Espainiako Gobernuak zehazten du erreferentziazko prezioen indize baten bidez. Indize hori hemen kontsulta daiteke (2025eko urriaren 1etik dago indarrean).

– Alokatzaileak 5 etxebizitza edo gehiago baldin baditu, alokairu-kontratu berriaren gehieneko prezioa Espainiako Gobernuak zehazten du erreferentziazko prezioen indize baten bidez. Indize hori hemen kontsulta daiteke, eta 2025eko urriaren 1etik dago indarrean.

Erreferentzia-indizeari eta kontratu berriei buruzko informazio gehiago

Errentamendu-kontratuen erregulazioari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren web orrian kontsulta dezakezu.

Kontratu berri bat egin edo sinatu behar baduzu, web orri hau kontsulta dezakezu Etxebizitza Lege berriarekin koherentea izan dadin.

 

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurri gehiago garatuko dira?

Izendapen eskaerarekin batera Udalak 3 urterako plan bat aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari etxebizitzaren arazo konplexuari eskura ditugun tresna guztiekin erantzuteko. Planak neurri hauek jasotzen ditu besteak beste:

– Etxebizitzen erabilera turistikoa mugatzea
– Etxebizitza gehiago eraikitzea, tartean etxebizitza publiko gehiago
– Etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak indartzea
– Gaur egungo etxebizitza parkea birgaitzeko neurriak garatzea
– Etxebizitzarako sarbidea errazteko laguntza sistemak sendotzea
– Erakundeen arteko elkarlana indartu eta koordinazioa hobetzea

Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak adostutako hiru urterako ekintza plana hemen ikus daiteke.